Busturialdea osoa hartuko duen ekimenak “eskala handian” garbiketa bat egiteko helburua du, aldi berean plastikoak egunero erabiltzen ditugun moduari buruzko gogoeta indibidual eta kolektibo bat eragin nahi du.
Bermeoko Izaro Sub urpekaritza klubak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatuta, Zero Plastiko Urdaibai ekimena egingo dute Busturialdeko kostaldean garbiketa erraldoia egiteko.
Horiekin batera Athletic Club fundazioa, BBK fundazioa, Uraren Euskal Agentzia, Echebastar konpainiaren Alakrana, Maier, Bermeo Tuna World Capital, Euskotren eta Urremendi landa garapenerako elkartearen laguntza jasoko dute.
Hala ere, ekimenaren antolatzaileek boluntarioen laguntza beharrezkoa izango dela adierazi dute. Parte hartu nahi duenak izena emateko zeroplastikourdaibai.eus webgunea abiarazi dute. Zehazki, 2.500 boluntariok eta 300 urpekarik eta ontzik baino gehiagok esku hartzea bilatzen dute arduradunek.
Ingurumenaren aldeko ekimena ekainaren 8an, Ozeanoen Mundu Egunean, egingo dute. Itsasbazterrean plastikoak eta bestelako hondakinak garbitu eta biltzeko jardunaldia izango da. Izan ere, itsaso eta ozeanoetan dauden hondakinen %70a arrantzarako tresnek, mikroplastikoek eta behin erabiltzeko plastikoek osatzen dute.