Gaur ireki da Zero Plastiko Urdaibai herritarren ekimenean borondatez izena emateko epea. Eskualde horretako itsasbazterrean plastikoak eta bestelako hondakinak garbitu eta biltzeko jardunaldia izango da, Bermeoko Izaro Sub urpekaritza-klubak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatuta.
Hitzordua ekainaren 8an izango da, 09:00etatik aurrera, eta, parte hartu nahi izanez gero, kanpainaren webgunean izena eman beharra dago: www.zeroplastikourdaibai.eus.
Ekimenaren helburua da 2.500 boluntariok eta 300 urpekarik eta ontzik baino gehiagok esku hartzea, Urdaibai Biosfera Erreserba zaborrez garbitzeko eta ozeano eta itsasoetako plastikoen arazoari buruz kontzientziatzeko.
Esku hartzeko eremua 14 tartetan banatuta egongo da, Gaztelugatxeko Doienetik Elantxoberainoko itsasbazterrean. Tarte bakoitzean kontrolgune bat jarriko da, parte hartzen dutenei behar den materiala emateko (elastikoa, eskularruak, poltsak, baheak), eta arduradun bat ere egongo da, sortzen den gertakari orori kasu egiteko. Lehorreko zaborraz gain, itsasokoa ere bilduko dute Izaro Sub klubeko urpekariek eta inguruko kaietan dauden ontzietako kideek, horiek ere boluntarioak.
Guztira, 2.500 boluntario eta 300 urpekari eta ontzi baino gehiago arituko direla aurreikusi da.
Garbitzeko jardunaldian plastikoari buruzko sentsibilizazio-jarduerak ere egingo dira Ekoetxea Urdaibain, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-hezkuntzako zentroan, alegia. Busturiako zentro horretan Urdaibaiko Partzuergoaren egoitza ere badago. 13:00etatik aurrera, emanaldiak, lantegiak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta kontzertuak izango dira. Garbitzeko lanetan parte hartzen duten boluntario guztiei bazkaria ere emango zaie, egindakoa eskertzearren. Halaber, arratsaldean, Lesley Yendell eskultore ingelesak artelan bat egingo du zuzenean, goizeko garbiketan bildutako hondakinak erabilita.