Jardunaldi horrek Ozeanoen Munduko Egunarekin egiten du bat, eta helburua du sentsibilizatzea itsasora eramaten diren zabor- eta plastiko-kopuru handiaren gainean, itsasoko ekosistemak kutsatzen baitituzte.
Bermeoko Urpeko Kirol-taldeak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak -Urdaibaiko Biosferako Erreserbaren zerbitzuaren bitartez- eta Bizkaiko Foru Aldundiak “Zero Plastiko Urdaibai” izeneko ekimena jarri dute martxan. Jardunaldi hori datorren ekainaren 8an egingo da, eta helburua da Erreserbaren itsasertza garbitzea eta bertako zaborrak jasotzea. 3.000 boluntarioren inplikazioa beharko da eta ozeanoetan eta itsasoetan plastikoarekin dagoen arazoaren gainean sentsibilizatu nahi da.
Jarduera goizean zehar egingo da, San Juan de Gaztelugatxetik Elantxobera arte doan itsasertzeko eremuan. Eremu hori 14 zatitan banatuko da, eta horietako bakoitzean kontrol-puntu bat instalatuko da, parte-hartzaileei eskularruak eta zabor-poltsak emateko. Lehorreko jarduerarekin batera, itsasoan ere zaborrak batuko dira, Izaro Sub Kirol-taldeko urpekarien eskutik eta gertuko portuetan atrakatutako itsasontzietako laguntzarekin.
Bildutako hondakin guztiak Ekoetxea Urdaibai landetara eramango dira, Eusko Jaurlaritzako ingurumen-hezkuntza zentrora, Madariaga Dorrean kokatzen dena eta Urdaibaiko Patronatuaren egoitza dena, pisatu, sailkatu eta birziklatu daitezen.