Azken berriak

Gugandik hurbil nahiz, oro har, gure planetan gertatzen denaren jakinaren gainean egotea erabakigarria da garapen jasangarriago baterantz aurrera egiteko.

Azken berriak

2.500 boluntariok eta 300 urpekarik parte hartuko dute datorren ekainaren 8an Urdaibaiko itsasertzean egingo den hondakinen bilketa handian

05/31/2019

Zero Plastiko Urdaibai plastikoak eta beste hondakin batzuk garbitzeko herritarren ekimenak jada bete ditu bertan parte hartzeko oraindik libre zeuden plazak, ekimena hasi baino bi aste lehenago
14 tartetan banatu da esku hartzeko eremua, Gaztelugatxetik Elantxoberainoko itsasertzean
Ozeanoen Mundu Egunarekin batera egingo da kanpaina, eta haren helburua da itsasertza eta itsas ekosistemak kutsatzen dituen zabor eta plastiko kantitate handiari buruz sentsibilizatzea
Ekoetxea Urdaibai zentrora joatera animatzen ditugu interesa duten pertsonak, 13:00etatik aurrera; bertan, hainbat jarduera antolatu dira publiko guztientzat, hala nola emanaldiak, lantegiak, bisita gidatuak eta kontzertuak
Zero Plastiko Urdaibai herritarren ekimenak, eskualde horretako itsasbazterrean plastikoak eta bestelako hondakinak garbitu eta biltzeko jardunaldiak, jada bete ditu boluntarioentzako libre zeuden plazak, ekimena egin baino bi aste lehenago. Hain zuzen, jardunaldia ekainaren 8an egingo da, larunbatean, Ozeanoen Mundu Egunean.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila –Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren bidez–, Bermeoko Izaro Sub urpekaritza-kluba eta Bizkaiko Foru Aldundia dira ekimenaren sustatzaileak, eta 2.500 boluntariok eta 300 urpekari eta ontzik baino gehiagok parte hartuko dute ekimenean. Helburua da Urdaibai Biosferaren Erreserbaren itsasertza eta Gaztelugatxeko Doianeko Biotopo Babestua garbitzea baita ozeano eta itsasoetako plastikoen arazoari buruz kontzientziatzea ere.

Garbitzen jarduteko izen-emate gehiago onartzen ez badira ere –babestutako eremu bat izanda, plazak mugatuak dira–, erakunde antolatzaileek interesa duten pertsona guztiei gonbita egiten diete 13:00etatik aurrera Ekoetxea Urdaibaira etor daitezen, alegia, Busturiako Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-hezkuntzako zentrora, non, era berean, Urdaibaiko Partzuergoaren egoitza baitago.

Han, adin guztietako publikoentzako askotariko jarduerak antolatu dira, hala nola emanaldiak, lantegiak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta kontzertuak. Garbitzeko lanetan parte hartzen duten boluntario guztiei bazkaria ere emango zaie, egindakoa eskertzearren.